Langile bat hil da Ordizian, Kale Nagusian
Eraikuntzako langile bat hil da Ordizian, Kale Nagusiko eraikin batean lanean ari zela aldamio batetik erorita. Gertaera atzo goizean gertatu zen, 10:30ak aldera. Kale Nagusiko etxe bat berritzeko lanetan ari zen langilea, eta hirugarren pisutik erori da. Bi anbulantzia eta Ertzaintza gerturatu ziren atzo gertakariaren lekura, eta zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk beranduago zendu zen, ospitalean. Langilea Donostian erroldatuta zegoen eta 57 urte zeuzkan. Herrizaingo Sailak ez du jakitera eman aldamiotik zein arrazoirengatik erori zen langilea eta Ertzaintza gertakaria ikertzen ari dela jakinarazi du iturri berdinak. Aurten 50 dira hildakoak LAB sindikatuak jakitera eman duenez, aurten Euskal Herri guztian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 50. langilea da Ordiziakoa. Sindikatuak emandako datuen arabera, arrazoi horiengatik 80 langile hil ziren iaz Euskal Herrian, 84 langile 2010ean, bat gehiago 2009an, 112 2008.urtean eta 120 langile 2007an. «Prebentzioa funtsezkoa» Gipuzkoako Foru Aldundiak oharra kaleratu zuen atzo arratsaldean, Ordizian gertatu istripuaren arira. Bertan, «lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu» behar dela adierazi du aldundiak, eredu horrek oinarrian «lan duina eta segurua» izan behar dituela azpimarratuz. Horretarako, gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiak eta administrazio publikoa «norabide berean» joan behar dira aldundiaren arabera, eta Ordizian [...]
Eraikuntzako langile bat hil da Ordizian, Kale Nagusiko eraikin batean lanean ari zela aldamio batetik erorita. Gertaera atzo goizean gertatu zen, 10:30ak aldera. Kale Nagusiko etxe bat berritzeko lanetan ari zen langilea, eta hirugarren pisutik erori da.
Bi anbulantzia eta Ertzaintza gerturatu ziren atzo gertakariaren lekura, eta zauritua Donostia Ospitalera eraman zuten. Ordu batzuk beranduago zendu zen, ospitalean. Langilea Donostian erroldatuta zegoen eta 57 urte zeuzkan.
Herrizaingo Sailak ez du jakitera eman aldamiotik zein arrazoirengatik erori zen langilea eta Ertzaintza gertakaria ikertzen ari dela jakinarazi du iturri berdinak.
Aurten 50 dira hildakoak
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, aurten Euskal Herri guztian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 50. langilea da Ordiziakoa. Sindikatuak emandako datuen arabera, arrazoi horiengatik 80 langile hil ziren iaz Euskal Herrian, 84 langile 2010ean, bat gehiago 2009an, 112 2008.urtean eta 120 langile 2007an.
«Prebentzioa funtsezkoa»
Gipuzkoako Foru Aldundiak oharra kaleratu zuen atzo arratsaldean, Ordizian gertatu istripuaren arira. Bertan, «lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredu berria sortu» behar dela adierazi du aldundiak, eredu horrek oinarrian «lan duina eta segurua» izan behar dituela azpimarratuz.
Horretarako, gizarte eta ekonomia arloko eragile guztiak eta administrazio publikoa «norabide berean» joan behar dira aldundiaren arabera, eta Ordizian gertatutakoa ez errepikatzeko «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasunaren eta osasunaren kontrako delituen jazarpena funtsezkoa» direla dio.
Gipuzkoako enpresei dei berezia egin die aldundiak, segurtasunari eta osasunari buruzko araudia «zorrotz» bete dezatela eskatuz.













